Ongi etorri Gipuzkoa Feminista Elkartearen blogera

Gaur ilusio handiz ireki dugu gune hau. Gipuzkoa Feminista Elkartearen bloga hausnarketak, esperientziak, eztabaidak eta proposamenak partekatzeko gune gisa jaio da, gizarte bidezkoago eta parekideago bat eraikitzen jarraitzeko asmotan. Gune bizi, kolektibo eta irekia izatea nahi dugu, feminismoa pentsatzeko, eztabaidatzeko eta lantzeko espazio gisa.
Konkista-bidea… eta lortzeke dauden erronkak
Feminismoak bide luzea egin du. Hiru mende baino gehiagoko borrokari, antolakuntzari eta pentsamendu kritikoari esker, egun, gizarte ireki deitzen diegun hauetan, lehen pentsaezinak ziruditen eskubideak eta konkistak ditugu. Gizarte demokratiko horiek bereizten dituen eta askotan ihes egiten digun ezaugarri berezi bat dute: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun formala. Badakigu, ordea, berdintasun erreala lortzeke dagoen helburua dela oraindik.
Soldata-arrakalak, lan-prekarietateak, indarkeria matxistak, zaintza-lanen gainkargak edo botere-guneetako gutxiegizko ordezkaritzak emakume gisa dugun errealitatearen parte izaten jarraitzen dute.
Erronka historiko horiei xede berriak gehitu zaizkie. Aldaketa sozial, teknologiko eta politiko bizkorreko testuinguru batean bizi gara. Digitalizazioak, sare sozialetako gorroto-diskurtsoek eta mugimendu erreakzionarioen gorakadak galdera berriak planteatzen dizkiote feminismoari. Nola defendatuko ditugu lortutako eskubideak? Nola zabalduko dugu berdintasuna gizarte anitz eta plural batean? Nola eraikiko ditugu mugimendu feminista indartuko duten aliantzak?
Feminismoa bizitzaren merkantilizazioaren aurrean
Testuinguru honetan, neoliberalismoak gure bizitzetan duen eraginari buruzko hausnarketa egitea ere beharrezkoa da. Bizitzako are eta esparru gehiago merkantzia bihurtzeko joera duen eredu ekonomiko eta kulturala da hori. Feminismoa ezin da errealitate horretatik kanpo geratu. Dena merkatuaren arabera neurtzen denean, bizitzaren funtsezko edozein alderdi truke ekonomikoko objektu bihurtzeko arriskua dago.
Emakumeen gorputzaren merkantilizazioak forma ugari hartu ditu. Sexu-esplotazioaren industria globalean gorpuzten da, baina baita ugalketa-esplotazio modu berrietan ere; gestazio subrogatuko nazioarteko merkatuetan esaterako, zeinetan emakumeen ugalketa-ahalmena eta emakumeak berak kontratu eta trantsakzioen menpeko baliabide ekonomiko bihurtzen diren. Praktika horiek muga guztiak zeharkatzen dituzten eta emakumeak zaurgarritasun-egoera berezietan jartzen dituzten desparekotasun sozial eta ekonomiko sakonetan dute oinarri.
Era berean, diskurtso batzuek “askatasun indibidual” gisa aurkezten dituzte berez desparekotasun-egituretan oinarritzen diren praktikak. Feminismoak dinamika horiek kritikoki aztertzeko eta benetako askatasuna prekarietatearen, desparekotasunaren edo zaurgarritasunaren gainean eraiki ezin dela defendatzeko erronka du.
Zentzu horretan, feminismoak prostituzio-sistemari giza eskubideen eta berdintasunaren ikuspegitik aurre egingo dioten lege-esparruetarantz jotzeko beharra planteatzen du. Espainiar Estatuan eztabaida hori Prostituzio Sistema Abolitzeko Lege Organikoaren (LOASP) proposamenaren inguruan egituratu da. Egitasmo honek proxenetismoaren, sexu-esplotazioaren eta prostituzio-eskariaren aurka egitea proposatzen du; aldi berean, prostituzio-testuinguruetan dauden emakumeei babesa eta benetako alternatibak bermatuko dizkieten politika publikoak aldarrikatzen ditu.
Hezkidetzaren garrantzia
Aldarrikapen horiekin batera, feminismoak historikoki nabarmendu du hezkidetzaren garrantzia, desparekotasunaren egiturazko erroak eraldatzeko funtsezko tresna gisa. Haurtzarotik berdintasunean heztea, genero-estereotipoak zalantzan jartzea eta errespetuan nahiz elkarrekikotasunean oinarritutako harremanak sustatzea funtsezko elementuak dira indarkeria matxista prebenitzeko eta botere-egiturak eraisteko. Hau da, gizarte bidezkoago eta benetan parekideago baterantz aurrera egitea.
Genealogia feminista berreskuratzea
Egungo eztabaidei heltzeko, funtsezkoa da genealogia feminista berreskuratzea. Feminismoa ez da hutsetik sortu: mendeetako pentsamenduaren, erresistentziaren eta beren garaiko gizarte-arauak zalantzan jarri zituzten emakumeen antolakuntzaren emaitza da.
Eskubide-berdintasunaren aldeko lehen aldarrikapen ilustratuetatik — Olympe de Gouges edo Mary Wollstonecraft-ek adierazitakoetatik, esaterako —, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako borroka sufragistetatik igaroz, mugimendu feminista garaikideetaraino, emakume-belaunaldi bakoitzak lagundu du askatasunaren eta herritartasunaren mugak zabaltzen.
Genealogia hau berreskuratzeak ez du esan nahi iraganera begiratzea soilik, gure egungo borrokak ondare kolektibo baten gainean eraikitzen direla baizik. Erraldoien sorbalda gainean gabiltza. Feminismoaren historia ezagutzeak egungo eztabaidak hobeto ulertzea ahalbidetzen du, gure aurretik joan zirenen ekarpenak ikusezin bihur ez daitezen, eta denboran zehar eraiki den eta honaino ekarri gaituen mugimenduaren jarraitutasuna indartzeko.
Sexu-genero sistema: desparekotasuna ulertzeko tresna bat
Pentsamendu feministaren ekarpen teoriko berri eta eragingileenen artean, sexu-genero sistemaren azterketa dago. Kontzeptu horrek adierazten du gizarteek, ezberdintasun biologiko batetik abiatuta —sexua—, bizitza soziala antolatzen duten arau, rol eta gizarte-eskakizun multzo bat eraikitzen dutela — generoa —.
Arau horiek ez dira neutroak: hierarkiak ezartzen dituzte, ardura desberdinak esleitzen dizkiete emakume eta gizonei, eta modu desberdinean baloratzen dituzte haien jarduerak eta gizarte-posizioak. Historikoki, sistema horrek subordinazio-egoeran kokatu ditu emakumeak, batez ere etxeko esparruarekin, zaintzarekin eta aintzatespen sozial eta ekonomiko txikiagoa duten eremuekin lotuz; era berean, eremu publikoan, eztabaidan, botere guneetan eta erabakiak hartzeko esparruetan parte hartzea eragotzi die.
Sexu-genero sistema ulertzeak desparekotasunak nola erreproduzitzen diren aztertzea ahalbidetzen du, familia, politika, kultura edota sexualitatea bezalako era askotako eremutan. Era berean, desparekotasun-forma asko erabaki indibidualen ondorio soilik ez direla ulertzen laguntzen du; aitzitik, sakonean errotutako gizarte-egituren ondorio direla.
Nazioarteko begirada duen feminismoa
Feminismoak muga guztiak gainditzen dituzten erronka globalei egiten die aurre gaur-gaurkoz. Izan ere, agenda feminista ez dago beti orrialde beretik irekita. Munduko hainbat herrialdetan ematen ari den oinarrizko eskubideen atzerakaden nahiz faltaren lekuko gara: hezkuntzarako sarbidea, behartutako ezkontzak, gizakien salerosketa-sareak, ekintzaile feministen jazarpena edo emakumeen askatasun eta autonomiarako mugak. Azken batean, norberaren bizitzaz erabakitzeko ahalmena izatea.
Gerrek, migrazio-krisiek, klima-larrialdiak edota gorantz doan desparekotasun ekonomikoak bereziki astintzen dituzte emakumeak eta neskak. Hori dela eta, XXI. mendeko feminismoak begirada internazionalista behar du, emakumeek munduan bizi duten errealitatea ezagutzeko eta elkartasun-sareak josteko gai izango dena.
Pentsatzeko eta ekiteko gunea
Gipuzkoa Feminista Elkartean zinez sinesten dugu feminismoak hausnarketa kritikorako, elkartasunerako eta ekintza kolektiborako gunea izaten jarraitu behar duela. Teoria, agenda, konpromisoa eta ekintza. Entzuteko, ikasteko eta eraldatzeko gai den mugimendua, bere oinarrizko helburua begien bistatik galdu gabe: emakume guztiontzat bizitza askeak, duinak eta autonomoak bermatzea.
Blog honek bide horri ekarpena egin nahi dio. Hemen, errealitate sozialari buruzko analisiak, gaurkotasunari buruzko iritziak, aktibismo-esperientziak eta gizarte berdinzaleago baterantz urratsak egiteko proposamenak partekatuko ditugu.
Irakurtzeko, zuen iritziak emateko, eztabaidatzeko eta parte hartzeko gonbita zabaltzen dizuegu. Baita amestekoa ere. Izan ere, zer egin du feminismoak, bada, gaur egun gure bizitoki diren gizarte utopiko horiek irudikatu besterik? Jarrai dezagun amesten. Jarrai dezagun eraikitzen.
Ongi etorri blog honetara. Ongi etorri gune feminista honetara.
